Sistemaren indarkeriak pasibotasun, obedientzia eta sumisioz onartzen irakatsi digute. Emakume garenez, onartu eta hainbat gizarte eginkizun bete behar ditugulako ideia barneratu digute. Eginkizun horien artean egoera horri biolentziaz aurre egiteari ezezik biolentziarik gabe, era baketsuan, aurre egiteari muzin egitea nabarmendu behar da. Patriarkago sistema burgesak -eta Euskal Herriaren kasuan, espainolak- ezartzen dizkigun eginkizunek, existentzia amorfa, inpertsonal eta gizonezkoen nahi eta obsesio sexualen menpekora zigortzen gaituzte, denerako moral eta materialki, boterearen menpeko, hala ere, gutariko askok "baldintzapeko askatasuna" eskuratu ahal izan du, hots, gaizki ordainduriko lana eta, oro har, jazarpen sexualaren pean egina.
Familia, irakaskuntza eta trebakuntza, erlijioa, gizartea eta kultura, lana eta merkatua, publizitatea eta propaganda, politika eta sindikalismoa, errepresioa eta epaibidea, e.a. hartzen dituen sistemaren eginkizuna zama astun hori aldizka sendartzeaz gain, horren inguruan "justifikazio" gehiago sartu, berriak sortarazi eta birziklatzea da. Ikusiko dugun bezala, hauen artean ez dira gure gutxiagotasuna egiaztatzeko azalpen zientifiko eta ekologikoak faltatuko, haiek, "espezializazio genetikoa" eta "izaera sentikor eta baketsua" deitzen diote.
Hala ere, gutariko askok uste dugu hori ez dela horrela, ez garela horrelakoak eta ez dugula zertan horrelakoak izan behar. Gure ustea egia bilakatzen da botereak ezartzen digun ixiltasun eta bakardade unibertsoa ireki eta gure artean hizketan hasten garenean, "emakumeen kontuak" direla esaten dute. Horrela jakiten dugu oldarpena guk bakarka uste izan genuena baino sarriago, gogorrago eta sistematikoagoa dela. Geroago, benetako historiaren berri edukitzean, gizonaren botereak idatzi ez duen historiarena, alegia, ustea emakumearen indarkeria praktiken ezagupen zehatz bilakatzen da.
Izan ere, historia ofiziala, maila eta estatu menperatzaileetako gizonezkoek idatzitakoa, gezurra da. Gezurra dio emakumeen borrokei buruz mintzo denean. Eta gezurrik ez badio, gure borrokak ixilpetu, ezkutatu edo aintzat hartzen ez dituelako da. Eta ezinbestez aipatu behar dituenean -ezkutaezinak direlako- nahastu, itxuraldatu eta gutxietsi egiten ditu. Historia matxistak itxuraldatu egiten ditu kontutan biltzen dituen borroka gutxi horiek: beraren arabera, erantzuleak gizabidezko heziketa egokirik ezean menperatu ez diren "pasio xeheak" eta "sen maltzurrak" dira. Eta mota guztietako azpijokuak erabilita ere, emakumeen erantzuna sortarazten dituzten zapalkuntza egoera eskandalagarriak aipatu beste irtenbiderik ez daukanean, historia honek ez du sistema zapaltzaileak berez daukan erantzukizuna onartzen; aitzitik, barreiatu eta desintegratu egiten du, sistemarekiko egiturazko ezein loturarik ez daukaten portaera indibidual eta bakanei egotziz.
Hala ere, emakumeek egindako historia kritikoaren ikerketa-ahalegina, ustez "sexu ahula" denak erabilitako hainbat indarkeria-bide azaleratzen ari da. Halaber, orain arte gizonen monopoliozko jabetza -eta zenbait emakume alienaturena- ziren ezaguera-esparruetan -psikologia, psikiatria, soziologia, ekonomia, biologia, antropologia, filosofia, e.a.- izandako garapen kritiko eta feminista egungo jakintza patriarkar-burgesaren topiko eta dogmak desmitifikatzen ari da.
Jadanik badaukagu gure "izakera baketsua"ri buruzko gezur ofizialak argizeko ezagutza nahikoa, bai eta pairatzen dugun indarkeriaren zioak eta berori gainditzeko beharrezko baliabideak sakonkiago ulertzeko ere.
Esaterako, gero eta gehiago dakigu Espainiako Inkisizioak sorgintzat hartutako euskal emakumeei amorru biziz jazartzean zeukan benetako xede zapalgarriari buruz. Gehiago dakigu, halaber, euskal emakumeen partehartzaz aurreko garaietako matxinada, borroka eta nazio, klase zein genero gatazketan, bai eta zapaldutako mugimendu heretiko-erlijiosoetan ere. Hobeto ezagutzen dugu euskal emakumeek karlistadetan eta gure historiako gerra ugarietan izandako jokaera. Berri zehatzagoa daukagu emakumeek langileen borroketan eta XIX. mendearen amaierako lehenengo nazionalismoan izan zuten eginkizunaz. Ezagupen hauek zehatzagoak dira orainaldira hurbildu ahala, hogeigarren eta hogeita hamargarren urteetako greba handietan, kasu, edo hamarkada horietako eta 1936-37 urte garrantzitsuetako era guztietako erakundeetan emakumeek gauzatzen zituzten zeregin isil bezain funtsezkoetan.
Eta zer esan emakumeen egitekoaz frankismo garaileaen urte ikaragarrietan? Faxisten harropuzkeria kriminalak nazional-katolizismo espainolaren beatukeriarekin bat eginik, gizonezkoen boterearen panegiriko izugarria sortu zuten. 1946an EAJk eta exilioko Jaurlaritzak patuaren eskuetan utzi zuten euskal erresistentzia kementsuan, izan zen basakeriari aurre egin zion emakumerik. Eta emakumeok ez ziren kikildu, berrogeigarreneko urteen amaieran eta berrogeita hamargarrenekoen hasieran, lehenengo ikastolak sortu, ahuldutako sindikatuak sendartu, lehenengo auzo elkarteak eratu eta, giza duintasunaren aterpe ezezik, antolakuntza eta borrokaren oinarri ere izan ziren kultur, aisi eta kirol talde zein elkarte ugariak finkatu zirenean ere.
Ezkutuko euskal zuzpertze geldo baina geraezin horretan zehar, berrogeita hamargarreneko urteen amaieratik aurrera jazotako gizarte aldaketa handien barruan eta 1969an ETAk Melitón Manzanas torturatzailearen exekuzioaz itzulezinezko puntura iristen den garai horretan ere funtsezkoa izan zen emakumeen eskuhartzea. Bai eta ondorengo bi hamarkada eta erdian zehar ere, non euskal kontzientzia feminista -modu desberdinez antolatua eta adierazia- eta botere patriarkar-burgesaren arteko borroka tentsuak iraun baitu.
Borroka horren adierazpenik nabarmenena, gure Herriko erresistentzia armatuan ehundaka emakumek aktiboki parte hartu izana da. Horietako hainbat indar zapaltzaileek asasinatu zituen; beste hainbat kartzela suntsigarrietan daude preso, edo urruneko kontinenteetan herbesteraturik edo legezko aintzatespenik ez daukaten errefuxiatu eta exiliatuen ezkutuko egoeran; eta horietako batzuk atxilotu, eta amorru matxista bereziz torturatu dituzte. Hauxe da adin guztietako emakumeak, ezkutuan nahiz barrikadetan, ezker abertzalearen egoitza edo erakundeetan nahiz lantegi edo eskoletan, biltzen dituen gatazkaren alderik gordin eta sumingarriena.
Gure askapenaren benetako historia historia ofizialetiko askapenaz hasten da, beraz. Askapen praktikoa eta teorikoa da aldi berean. Gure iraganaldiaren bila gabiltzala aurkitzen dugu gure teoria, berau -indarkeria/askapena dialektikan oinarritua- gu baino lehenago bizi izan ziren emakumeen ihardunaz eratu baita. Baina gure asmoa ez da iraganaldiaren arkeologia egitea. Iraunkorra izan behar du gure ahaleginak, iraunkorra baita zapalkuntza eta indarkeria patriarkar-burgesarako tresna berriak garatzeko Espainia eta Frantziako estatuek egiten duten ahalegina ere.
![]() |